XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxera zihoalakoa egin, eta lehenbiziko roulottearen atzekaldean izkutatu zen Plato; azpian sartu eta arrastaka gordeta joan zen gurpil ondoraino.

Handik ongi ikus zitzakeen Pantxo eta honen aldamenera iritsi berria zen ezezaguna.

Ikusi bai, baina zer esaten zuten ezin aditu ordea: urrutiegi zegoen horretarako, edo bi gizonak ez ziren Platok nahi bezain ozen mintzatzen.

Gizonak paketea luzatu zion Pantxori.

Honek eskutan hartu eta zer egin jakingo ez balu bezala erabili zuen une batzuez.

- Zer da? - galdetu zuen Pantxok, bi eskuez ikutuz, paper lodiz bildutako kaxa haren azpian zer izkutatzen zen asmatu ezinik.

- Hobe duzu ez jakitea - gizonak.

- Bai, hobe izango da - esan, eta galtzarbean jarri zuen paketea Pantxok.

- Badakizu: ondo gorde...
Gizonak eskua altxatu zuen, elkarrizketa bukatutzat eman eta alde egin behar balu bezala.

Pantxok hizketa behar zuen lasaitzeko.

- Zu etorriko al zara bila? Ez, ni ez.

- Beste norbait etorriko da, eta zapaten bila datorrela esango dizu.

- Zapaten bila? - harrituta bezala Pantxo, nahiz kontu horiek horren berriak izan ez.

- Galtzarbean duzuna ez da zapata kaxa ala?- gizonak barrezka.

- Eta ondoren? - Pantxok ez zuen bakarrik geratu nahi; hizketan segitu nahi zuen ahal zen denbora gehienean, zergatia azaltzen ez bazekien ere bakarrik geratuko zen unearen beldur bait zen.